Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuak espetxeratu dituzte

Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuak Martuteneko espetxean sartu dira ostegun honetan. Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxeratzeko agindua eman zuen otsailaren 3an, 13/13 sumarioaren epaiketaren ebazpenean ezarri zitzaizkien zigorrak betetzeko, eta euren borondatez joan ziren atzo Donostiako espetxera.
Zulueta eta Enparantza 2022an zigortu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak; ETAk jarduera armatua behin betiko eten eta 11 urtera. Epaiketa hartan, Julen Zelarain, Saioa Agirre, Nerea Redondo, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi ere epaitu zituzten. Zelarain, Agirre eta Redondo absolbitu egin zituzten. Zuluetak zazpi urte eta erdiko zigorra jaso zuen, “erakunde terroristako kide” izatea eta lehergaiak edukitzea egotzita. Enparantzak, aldiz, lau urteko zigorra zuen, “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta. Era berean, ETAren “fronte juridikoa” osatzeaz eta ETAren eta presoen arteko lotura lana egitea leporatu zieten. Bestalde, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuak ere zigortu zituzten; Gorenak 3 urte eta erditik 2 urtera eta 3 urtetik urte eta erdira murriztu zizkien espetxe zigorrak, hurrenez hurren. Bi abokatuon kasuan, Espainiako Auzitegi Nazionalak kondena eteteko eskaria egiteko aukera planteatu die, azken zigorra ez baita bi urtetik gorakoa.
Espainiako Auzitegi Gorenak aurtengo urtarrilean berretsi zituen zigorrak. Auzian zehar, agerian gelditu ziren CNIren esku hartzeak eta tortura salaketak, baina, hala ere, zigorrak berretsi ditu Auzitegi Nazionalak. Bi abokatuen defentsak errekurtsoa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, baina horrek ez du kartzelara sartzeko agindua geldiarazten.







