Langile bat hil da Arbizun
52 urteko altsasuar bat hil da gaur Arbizun (Nafarroa) izandako lan istripu batean. Goizeko 09:14 aldera, Arbizuko herrigunean zaharberritzen ari diren etxebizitza baten lanetan gertatu da zorigaitza, eraikuntza materialak zeramatzan kamioi bat husten ari zirenean. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, gainera jausi zaio zama gizonari.
Euskal Herrian aurten jazotako bigarren lan heriotza da, Nafarroako lehena. Urtarrilaren 7an 51 urteko langile bat hil zen Gasteizko Salburua auzoan, hondeamakina baten palak jota.