Pertsona migranteak kriminalizatu ditu Bruno Retailleau Frantziako Barne Ministroak


Martxo bukaeran bi egunez Force Frontières dispositibo berriarekin 350 agente mobilizatu ondotik, Bruno Retailleau ministroa Miarritzen izan zen ostiralean, indar polizialak zoriondu eta mugetan "sendotasun" handiagoa emanen duela adierazteko. Sei hilabete dira Errepublikarrak alderdiko kidea François Bayrouren gobernuan Barne Ministro dela, eta bere bilana egiteko baliatu zuen hitzordua.
Frantziak Europar Batasuneko bertze herrialdeekin dituen mugetan, eta Euskal Herrian beraz, polizia kontrolek bertze sei hilabetez iraunen dutela ere argitu zuen. 2015etik sei hilabetero baimen honen luzapena galdegin dio Parisek Europar Batasunari, terrorismo islamistaren mehatxuagatik, baina oraingoan presio migratorioa ere aipatu zuen Bruno Retailleauk Ipar Euskal Herrira egin duen lehen bisitan: "Mehatxu terrorista bat duguno, presio migratorioa duguno, barne ministro izan naizen sei hilabetetan sei atentatu terrorista saihestu baititugu, sei hilabetero baimen honen luzapena galdetzen diogu Bruselako batzordeari. Presio migratorio hau ikusirik, atentatu mehatxuak ikusirik, uste dut bi hesi behar direla. Bat Europar Batasunaren kanpo mugetan, eta barne hesi bat ere, hitzarmenek aurreikusten baitute, eta krisi edo mehatxu zehatz bat dagoenean aktibatzeko aukera dugulako".
Lehen aldia da mugak kontrolpean atxikitzeko presio migratorioaren arrazoia aipatzen dela, eta Bruno Retailleauk gobernuari eman dion eskuin muturrerako lerraldiaren irudi dira adierazpen hauek.
"Elkartasunean ari direnek migratzaileen trafiko higuingarria laguntzen dute"
Karga gogorra egin zuen Barne Ministroak "migratzaileak bultzatzen" dituztenen aurka, elkartasunean ari direnak diru truk ari diren sareekin alboratuz. Pertsona migratzaileek Mantxako kanala zeharkatzekoan bizi dituzten muturreko egoerak aitzakiatzat hartu, eta "egoera okaztagarri" horretara migrazioaren aldeko orok daramatzala adierazi zuen.
Certim agentzia Ipar Euskal Herrian plantatuko dela ere aitzinatu zuen barne ministroak, "legez kanpoko migratzaile sare" deitzen dituztenen inguruan polizia ezberdinek duten inteligentzia partekatzeko agentzia. Oltim frantziako Polizia Nazionalaren sekzioaren menpekoa izanen da agentzia berria, hain zuzen ere 2024ko Korrikako ekintzagatik ikerketa egin zuen polizia taldearen menpekoa. Duela bi hilabete sortu zen Certim Parisen, eta aurreneko hegala izanen du Ipar Euskal Herrikoa.
Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroaren bisita salatuz mobilizazioa egin zuten
Pasaden asteko ostiralean, “Bruno Retailleauren etorreraren kontra eta Euskal Herri solidario eta antifaxista aldarrikatzeko”, mobilizazioa egin zuten, Miarritzen. 'Pays Basque solidaire et antifaxiste. Retailleau kanpora' leloa zuen pankarta erakutsi zuten hamarnaka lagunek, poliziaz inguraturik, Hondartza Handiaren eremuan.