Urtarrilaren 29an epaituko dituzte bi donostiar, presoen aldeko pankarta bat jartzen saiatzeagatik
Joseba eta Eñaut Alvarez aita-seme donostiarrak epaiketara deitu dituzte, urtarrilaren 29rako. Hurrenez hurren, bi urte eta erdiko eta urte eta erdiko espetxe zigor eskaerei egin beharko diete aurre militanteek, 2023ko San Sebastian bezperan Parte Zaharreko Plaza Berrian presoen etxeratzearen aldeko pankarta bat jartzen saiatzeagatik. Auzipetuei babesa emateko, elkarretaratzera deitu du Piztu Donostia plataformak epaiketaren egunean, 9:00etan, Egiako epaitegien aurrean.
Iazko maiatzean, 750 euroko isuna jaso zuen bakoitzak eta deklaratzera deitu zituzten, eta zigor eskaera jaso zuten irailean. Auzipetuek irailean azaldu zutenez, “autoritateari atentatua eta lesioak eragitea egotzita” jaso zuten aipaturiko zigor eskaera, baita isun administratibo bana ere, “mozal lege gisa ezaguna den arautegia aplikatuz”.
2023ko San Sebastian egunaren bezperan gertatutakoa ere gogoratu zuten militanteek, baita nabarmendu ere Euskal Herriko auzo eta herrietako jaiak “festarako eta aldarrikapenerako espazioak” izan direla beti, eta Donostiako San Sebastian eguna ez dela salbuespena: “Urte askotan egin dugun moduan, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik espetxean dauden lagun eta senideen etxeratzea aldarrikatzen zuen bandera zintzilikatzeko asmoz bertaratu ginen Plaza Berrira hainbat herritar. Bandera kolokatzeari ekin genionean, Plaza Berrian zeuden udaltzainak aldarrikapenak jartzea debekatuta dagoela esan eta errefortzuak eskatzearekin batera herritarron aurka oldartu ziren. Borra eta ezkutuak baliatuz, oihu eta mehatxu artean, bandera jartzen ari ginen herritarron aurka egin zuten udaltzainek, azkenean laban bat baliatuz banderaren soketako bat moztea lortu zuten arte, hau kolokatzea ezinezko eginaz”.
Zigor eskaera jasota ere, nabarmendu zuten euskal preso politikoen etxeratzearen alde borrokatzen jarraituko dutela: “Mota guztietako oztopoen gainetik, Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak bat egiten duen aldarria, hau da, euskal presoen etxeratzeko aldarria Euskal Herriko eta Donostiako balkoi, jai eta plazetan jartzen jarraituko dugula azpimarratu nahi dugu”.