lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 13/06/2024

Zaballako espetxe-martxaren harira 128 pertsona isundu dituzte, eta osotara 153.600€ eskatu diete

La Haine - Euskal Herria
ASKE antolakundeak elkartasuna eta amnistiaren aldeko borroka kriminalizatu eta delitu bilakatu nahi dutela salatu du eta hainbat elkartasun ekimen antolatuko dituela iragarri du.

2023ko abenduaren 30ean Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazteko hainbat pertsonak Zaballako espetxera martxa egin zuten, ASKE antolakundeak deituta. Egun horretan, mobilizatu ziren pertsonek jazarpena jasan zuten ertzaintzaren aldetik. Lehenengo, martxa geldiarazten saiatu ziren, eta, ondoren, kontrol bat ezarri zuten irteeran, ehun pertsona baino gehiago identifikatuz. Kontrol horretan, indar errepresiboek nahiko modu bortitzean jardun zuten;manifestari batzuk heriotzez mehatxatuz eta beste batzuk jipoituz. Orain, sei hilabete beranduago, Eusko Jaurlaritzak 128 pertsonei 1.200 euroko isun bana ezarri die mozal legea aplikatuz, osotara 153.600 euroko zigor ekonomikoa eskatuz.

Honen aurrean ASKE antolakundeak prentsaurreko bat egin du Gasteizen. Prentsaurrekoan “elkartasuna eta amnistiaren aldeko borroka kriminalizatu eta delitu bilakatu” nahi dutela salatu dute, “zipaioak zigorgabe uzteaz ez ezik, isun hauen bitartez euren jazarpena eta gehiegikeriak zilegituta ikusten dituzten” bitartean. Era horretan, isunak ez direla gertakari isolatua azaldu dute, “Euskal Herriko mugimendu iraultzailea jazartzeko estatuek darabilten estrategiapean kokatu beharreko izaera kualitatiboko pauso gisa” bezala ulertu behar dela esan dute, izan ere, “mugimendu iraultzaileak asumitu ezin dezakeen zigor ekonomikoen bitartez, bere gaitasun politikoa indargabetzea eta, halaber, bere etorkizuneko praktika politikoa baldintzatzea da xedea, hau otzanduz edota zuzenean suntsituz”. Gertakari honen bidez, bestelako edozein borroketan aplikatzeko aurrekaria sortu nahi dutela gehitu dute, “estatu kapitalistek markatzen dituzten muga legaletatik kanpo burutzen den ekintza oro edota diharduten antolakunde politikoak hipotekatzea” suposatzen duen jazarpen ekonomikoa dela salatuz. Era horretan, “Euskal Herri Langilearen zapalkuntza nazionalean eta sozialean sakontzeko urratsak ematen jarraitzen dute, oraingoan Euskal Preso Politikoekiko elkartasun adierazpena delitu bilakatu nahi dutelarik, ezerosoak zein potentzialki gatazkatsuak zaizkien borroka guztiak kriminalizatzen” ari direla adierazi dute.

Kolpe errepresibo honen aurrean, elkartasuna Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko deia luzatu dute eta, bide horretan, urriaren 5ean antolatuko duten elkartasun egunean parte hartzera dei egin dute, baita eskualdez eskualde antolatuko diren ekimen ezberdinetan ere. Era berean, laguntza ekonomikoa jasotzeko martxan jarri duten crowdfunding kanpainaren edota honako kontu korronte honen bitartez (ES72 2095 3157 40 9124041961) ekarpena egiteko deia ere luzatu dute.

Bukatzeko Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokan jarraituko dutela adierazi dute, “horretarako borondate politikoa dugulako. 153.600 arrazoi baino gehiago ditugulako borrokan jarraitzeko. Eta ez dago borondatea itoko duen isunik” gehitu dute.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal