1.500 pertsona bildu dira Baionan euskararentzat eta euskaldunontzat justizia eskatzeko


1.500 lagun inguru bildu dira igande honetan, 'Justizia euskararentzat. Justizia euskaldunontzat' lelopean Euskal Herrian Euskaraz taldeak deitutako mobilizazioan. 11:30ean abiatu zen manifestazioa Baionako Justizia Jauregiaren aurretik, “Justizia euskararentzat” eta “Independentzia” oihuen artean. Apirilaren 11an epaituzko dituzte EHE-ko bi kide, pasaden urteko abenduaren 3an Baionako Auzitegian egin zuten euskararen aldeko ekintza batengatik. Epaiketa 14:00etan izango da, eta bi ekintzaileei babesa erakustera deitu du mugimendu euskaltzaleak. Hala ere, ostiralean epaituko dituzten bi kideei elkartasuna agertzeaz gain, euskara jasaten ari den oldarraldia salatzeko manifestazioa izan zen.
Manifestazioa bukatzean, auzipetutako bi kideak hartu zuten hitza eta Euskararen Nazioarteko Egunean egindako ekintza aldarrikatu zuten: “Ekintza hori burutu genuen, besteak beste, bi konstituzio arrotzen pean bizi dugun zapalkuntza eta injustizia salatzeko, epaitegietatik datorkigun oldarraldiari ekintza zuzenez erantzuteko, eta euskararen biziraupenerako ezinbesteko dugun Euskararen Errepublika aldarrikatzeko”. Beranduago, egunerokoan euskarari ematen dizkioten debekuak salatu zituzten, hiru adibide aipatuz. Lehenego adibidea, ikasleei azterketak euskaraz pasatzeko ematen zaien debekua izan zen: “Alegia, euskaraz idaztea debekatzen diete”. Bigarren adibidea, behin baino gehiagotan auzitegian euskaraz deklaratzeko emandako debekua: “Alegia, euskaraz mintzatzea debekatzen digute”. Azkenik, euskararen herri osoan euskarak lege egokirik ez izatea salatu zuten. Euskal Herrian Euskaraz abestuta amaitu zuten manifestazioa, eta argi utzi zuten euskararentzat justizia nahi dutela, eta, lortu ezean, kalean topatuko dituztela.