Amaia Zabarte realzaleari babesa erakutsi diote eta indarkeria poliziala salatu dute Anoetan


“Justizia Amaiarentzat” lelopean, elkarretaratze bat egin zuten larunbatean, Anoetako topo geltokiaren aurrean. Realak eta Valladolidek jokatu duten ligako partidaren atarian. Pasaden urtean, Paris Saint-Germain eta Realaren artean martxoaren 5ean jokaturiko partiduaren aurretik, Donostiako Reale Arena estadio inguruan larri zauritu zuten Zabarte buruan, Ertzaintzaren oldarraldi baten erdian suertatu zenean. Foam jaurtigailu baten eraginez barne odol-isuria izan zuen eta zainketa intentsiboen unitatean ingresatu zuten hainbat egunez.
Bultzada Txuri Urdinak eta Realaren beste peña batzuek mobilizatu dira, eta Amaia Zabarte realzaleari babes irmoa erakutsi diote eta indarkeria poliziala salatu dute: “Amaia Zabarte realzaleak gomazko pilotakada jaso zuen buruan, konortea galdu zuelarik. Ez hori bakarrik, irudiek frogatzen duten bezala, lurrera erortzean ostikada ere jo zion ertzain batek. Amaiak hilabeteak eman ditu erasoak eragindako osasun kalteei aurre egiten, baina betirako gaitzak geratuko zaizkio”. Era berean, Zabartek jasan behar izan duen sufrimendua fisikoaz haragokoa dela gaineratu dute. “Poliziak tiro egin eta ostikada jo ondoren, sistema judizialak baloia errematatu zuen, kasua artxibatzeko egin zuen saiakeran. Hala ere, familiak ezarritako helegiteari esker, kasua berrireki da eta Amaiak apirilaren 7an epailearen aurrean deklaratuko du”, adierazi dute.
(Irudia:Adoni Canellada)