lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 18/06/2024

Astindu dinamikak ikasturtea itxi du

La Haine - Euskal Herria
Azkeneko hilabetetan burgesiak Hego Euskal Herriko unibertsitateetan duen esku-hartzean zentratu da eta honen aurkako seinalamendu zein salaketa kanpainak egin ditu.

Ikasturearen hasieran, Hego Euskal Herriko unibertsitateetan, ikasleria kontzientziatzeko, mobilizatzeko eta antolatzeko dinamika berria sortu zen. Hala, ASTINDU-ko militanteen lanari esker, jende berria batu zaie borrokara eta ondorioz, Hego Euskal Herriko campus nagusietan taldeak sortu eta egonkortu ahal izan dituzte, ikasturtean presentzia jarraitua lortuz.

Lehenengo lauhilekoan, hezkuntzak sistema kapitalistaren baitan daukan funtzioaren inguruan aritu ziren ikasleak, espainiar estatuan honen gidaritza burutzen duten aktoreak eta beraien interes nagusiak identifikatuz eta horiek egiten duten hezkuntzaren erabilera salatuz.
Horrez gain, koiunturari erantzunez, Palestinar Askapenerako Herri Fronteko (FPLP) militanteekin hitzaldi ezberdinak antolatu zituzten. Hala ere, ez da izan Palestinar erresistentziaren alde egin duten ekimen bakarra, maiatzean Hego Euskal Herriko unibertsitateetan burutu ziren ikasle-akanpadetan ere parte hartu zuten.

Bigarren lauhilekoan, burgesiak Hego Euskal Herriko unibertsitateetan duen esku-hartzean zentratu ziren eta honen aurkako seinalamendu zein salaketa kanpainak egin zituzten. Izan ere, dinamikak salatu zuenez "unibertsitateetan burgesiak, alderdi politiko ezberdinen konplizitatearekin, ateak parez pare zabalik dauzka. Hauek, beraien interes partikularrak babesteaz gain, espainiar estatuaren zilegitasunean, babesean eta kolaborazioan oinarritzen dira, langile klasearen parte garen ikasleon interesak guztiz kontrajarriz eta gure dominazio eta esplotazioa betikotuz". Segidan honi guztiari aurre egiteko deia egin zuten, "batzuen eta besteen proiektu eta helburu politikoak guztiz bateraezinak" baitira.


Bukatzeko, ekainaren 14an egin zuten agerraldi baten bidez, hasi duten bidea jarraitzeko beharra, grina eta konpromisoa erakutsi zuten. Bide horretan hezkuntza-eredu euskaldun eta sozialista bat aldarrikatu zuten, "borroka ideologikoaren eta antolakuntzaren bitartez eta hegemonia burgesaren aurka, kontraboterea eraiki" behar dela adieraziz. Horrez gain, "Euskal Herri aske baten bidean, hezkuntza euskaldun bateratu baten alde" lan egiten jarraituko dutela gehitu zuten eta azkenik, "unibertsitatearen instrumentalizazioaren aurrean, honen demokratizazioa eta sarbide unibertsal eta doakoa borrokatu" behar dela jakinarazi zuten. Agerraldia bukatzeko Euskal Herriaren independentzia gauzatu arte eta klase gatazkaren gaindipenera arte antolatzen eta borrokatzen jarraituko dutela adierazi zuten.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal