Baztango aroztegiko zazpi auzipetuek dei egin dute otsailaren 1eko manifestaziora joateko
Astearte goizean, Iruñeko epaitegiaren parean agerraldia egin dute Baztango Aroztegia proiektuaren kasuan auzipetuta dauden zazpiek eta haiei babesa adieraztera joan direnek. Manifestaziora deitu dute hurrengo astebururako, otsailaren 1erako, Iruñean. Lurraren defentsan kriminalizaziorik ez. Aroztegia gelditu! lelopean egingo da, 16:00etan abiatuta epaitegien paretik.
Elkartasun keinu ugari ari dira jasotzen, eta autobusak ari dira antolatzen Euskal Herriko makina bat lekutatik. Besteak beste, hitzaldi informatiboak ematen ari dira han eta hemen, auziaren berri lau haizetara zabaltzeko.
Baztango Lekarozko Aroztegia mende hasieratik datorren makroproiektu urbanistikoa da, zeina Aroztegiko jauregiaren jabe den Palacio de Aroztegui S.L. enpresak erabat itxuraldatu nahi duen XIII. mendeko eraikina eta haren ingurumaria. 300 biztanle eskas dituen herrian, 228 etxebizitzako urbanizazioa, Hilton kateko luxuzko hotela eta golf zelai bat eraiki nahi ditu.
Azken hamarkadan, Baztango herritarrek hasieratik ezezkoa adierazi izan badute ere, baita herri mailan galdeketa eginda ere, areagotu egin dira proiektuaren aurrera urratsak. 2016ko urtarrilean, esaterako, Geroa Bairen Nafarroako Gobernuak proiektu urbanistikoari hitzezko onespena eman eta aitzinera egitea erabaki zuen, eta Baztango Batzar Nagusiak segituan arbuiatu zuen ekinbidea. Manifestazio jendetsuak egin ziren.
Instituzioen esferatik aurka egin izanagatik, hainbat pertsona ikertu eta salatu zituzten notiziak 2016ko maiatzean ezagutu ziren, eta gobernuaren aldeko prentsak zioen 50.000 mila euroko kalte-ordainak eskatuko zitzaizkiela. Pertsona horiek beraiek ez zuten prentsaz haragoko notiziarik. Deklarazioak hartu zizkieten Iruñeko epaitegian, eta itxaronaldia luzatu zen. Azkenean, ez zen larderiaz haragoko ekinbiderik izan.
Besteren artean, Baztango alkate ohi Garbiñe Elizegi absolbituta geratu zen Aroztegiko proiektua "pelotazoa" zela esateagatik. Baina proiektu urbanistikoaren bultzatzaile den enpresak errekurtsoa ipini zuen Elizegiren aurka. Espainiako Auzitegi Goreneraino heldu zen auzia; azkenean, Gorenak arrazoia eman zion Elizegiri. Baztango alkate zen Joseba Otondok ere makina bat bider deklaratu behar izan zuen epailearen aurrean, behin eta berriz salatzen baitzuen enpresak.
Hondeamakinak Lekarozen
2018ko udaberrian, Nafarroako Gobernuaren oniritzi eta baimen guztiak lortuta, Aroztegiaren proiektuaren obrak edozein unetan hasiko zirela ohartarazi zuten herritarrek. Tramiteak abian ipini zituen Palacio de Arozteguía enpresak; Hilton luxuzko hotel kateari esleitu zion hotela eraikitzeko ardura.
2021eko apirilean heldu ziren hondeamakinak Lekarozko lurretara, txikizioa eragitera, eta proiektuaren aurkako kanpaldia abiatu zuten herritarrek. "Interes ekonomikoa ongizate guztiaren gainetik paratzen duen enpresarik ez dugu nahi Baztaneko lurren gainean", adierazi zuten.
Apirilaren 16an abiatu zuten kanpaldia, eta apirilaren 28ra arte egon ziren ika-mikak hondeamakinekin eta Poliziarekin. Azkenean, ospa egin zuten hondeamakinek, eta herritarrek garaipena ospatu eta kanpaldiari akabera eman zioten.
Kanpalditik karriketara. Presio egiten segi zuten herritarrek proiektua behin betiko gelditzeko eskatu zuten, espero zutelako hainbat manifestari deklaratzera deituko zituztela. Isun eskaerak, 20.000 eurokoak, handik gutxira heldu ziren, eta herritarrek diru-bilketa abiatu zuten.
Azken bi-hiru urteetan, ordea, bestelako bide bat ere zabaldu zen epaitegietan: Aroztegia urbanizatzen hasteko lanak legez kanpo egin zituen enpresak. Bide hori ez da gehiago urratu, ordea. Besteak segida luzeagoa izan du: 20 urteko espetxe-zigorra eta 56.000 euroko isunak eskatzen dituzte zazpi baztandarrentzat, kanpaldia antolatzeagatik "talde kriminal izaera" dutela leporatuta.
Otsailean ziren epaitzekoak zazpi pertsona horiek, eta testuinguru horretan deitu dute otsailaren 1eko manifestazioa, baina atzeratu egingo da epaiketa.
Baztango aroztegiko zazpi auzipetuek dei egin dute otsailaren 1eko manifestaziora joateko