Elkartasun Jaialdiak antolatu dituzte Gasteizen eta Olaztin


2023ko abenduaren 30ean Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazi eta amnistia osoa aldarrikatzeko hainbat pertsonak Zaballako espetxera martxa egin zuten, ASKE antolakundeak deituta. Egun horretan, mobilizatu ziren pertsonek jazarpena jasan zuten ertzaintzaren aldetik. Lehenengo, martxa geldiarazten saiatu ziren, eta, ondoren, kontrol bat ezarri zuten irteeran, ehun pertsona baino gehiago identifikatuz. Kontrol horretan, indar errepresiboek nahiko modu bortitzean jardun zuten;manifestari batzuk heriotzez mehatxatuz eta beste batzuk jipoituz. Sei hilabete beranduago, Eusko Jaurlaritzak 128 pertsonei 1.200 euroko isun bana ezarri zien mozal legea aplikatuz, osotara 153.600€-ko zigor ekonomikoa eskatuz.
Guzti hori kontuan hartuz, “ELKARTASUNA EZ DA DELITUA” plataforma sortu zen jarrera horiek salatzeko helburuarekin. Plataforma horretatik ekintza ezberdinak burutu dira urte honetan zehar isunei aurre egiteko nahian. Bide horretan, hurrengo larunbatean, apirilak 5, “Elkartasuna ez da delitua” jaialdiak egingo dira Gasteizen eta Olaztin. Gasteizko jaialdia alde zaharrean burutuko da, Auzolan pilotalekuan eta gaztetxean zehazki. Bertan, herri kirolak, borroka ikuskizunak, bazkari herrikoia eta kontzetuak egingo dira. Bestetik, Tekno Gaua antolatu dute Olaztiko Maisuenea Gaztetxean. Kontzertuak gaueko 22:00etan hasiko dira, Ivangroove, Zigix eta Aronikoren eskutik, eta sarrera 4 euroko kostua izango du.