Larunbat honetan izango da Donostiako Elkartasun Eguna
Egunean zehar ateratzen den diru guztia euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko Zaballan egindako espetxera martxaren ondorioz jasotako 96.480€-ko isunari aurre egitera bideratuko da.
2023ko abenduaren 30ean Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazi eta amnistia osoa aldarrikatzeko hainbat pertsonak Zaballako espetxera martxa egin zuten, ASKE antolakundeak deituta. Egun horretan, mobilizatu ziren pertsonek jazarpena jasan zuten ertzaintzaren aldetik. Lehenengo, martxa geldiarazten saiatu ziren, eta, ondoren, kontrol bat ezarri zuten irteeran, ehun pertsona baino gehiago identifikatuz. Kontrol horretan, indar errepresiboek nahiko modu bortitzean jardun zuten;manifestari batzuk heriotzez mehatxatuz eta beste batzuk jipoituz. Sei hilabete beranduago, Eusko Jaurlaritzak 128 pertsonei 1.200 euroko isun bana ezarri zien mozal legea aplikatuz, osotara 153.600€-ko zigor ekonomikoa eskatuz.
Errepresio ekonomikoari aurre egiteko asmoz, auzitara jo zuten eta isunen aurkako helegitea jarri zuten. Helegiteak aintzat hartu zituen Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1. eta 3. epaitegiek, haiei jarritako isunak "konstituzioaren aurkakoak" direlakoan. Bestelako bidea hartu zuten, baina, 2. eta 4. epaitegiek: haiek atzera bota zituzten helegiteak, "poliziaren egiazkotasun printzipioan" oinarrituta. Hori dela-eta, 96.480 euro ordaindu beharko dituzte.
Guzti hori kontuan hartuz, “ELKARTASUNA EZ DA DELITUA” plataforma sortu zen jarrera horiek salatzeko helburuarekin. Plataforma horretatik ekintza ezberdinak burutu dira urte honetan zehar isunei aurre egiteko nahian. Bide horretan, maiatzaren 30ean, Elkartasun Eguna antolatu dute Donostiako Guardetxean. Ateak 17:00etan irekiko dituzte eta kirol ikuskizuna egingo dute 18:00etan. Horrez gain, Kono, ALDZR Crew, Latriku, Doctah P eta Timba izango dira ring gainean abesten, 22:00etan hasita. Egunari amaiera emateko Oarso groove taldeak pintxatuko du.







