lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 24/03/2026

Iritsi da Zaballako espetxe-martxaren epaia

La Haine - Euskal Herria
ASKE-k prentsaurrekoa burutu zuen atzo, 96.480€-ko isuna ezarri dietela salatzeko. Prentsaurrekoaren ostean, hiru pertsona identifikatu zituzten indar errepresiboek, U12-ko gertakarien aitzakiapean.

ASKE antolakundeak prentsaurrekoa burutu zuen atzo, hilaren 23an, Gasteizko Justizia Jauregian 96.480 euroko isuna ezarri dietela salatzeko. 2023ko abenduaren 30ean Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazteko eta amnistia osoa aldarrikatzeko hainbat pertsonak Zaballako espetxera martxa egin zuten, ASKE antolakundeak deituta. Egun horretan, mobilizatu ziren pertsonek jazarpena jasan zuten ertzaintzaren aldetik. Lehenengo, martxa geldiarazten saiatu ziren, eta, ondoren, kontrol bat ezarri zuten irteeran, ehun pertsona baino gehiago identifikatuz. Kontrol horretan, indar errepresiboek nahiko modu bortitzean jardun zuten; manifestari batzuk heriotzez mehatxatuz eta beste batzuk jipoituz. Hori gutxi balitz, sei hilabete beranduago, Eusko Jaurlaritzak 128 pertsonei 1.200 euroko isun bana ezarri die mozal legea aplikatuz, osotara 153.600 euroko zigor ekonomikoa eskatuz.

Errepresio ekonomikoari aurre egiteko asmoz, auzitara jo zuten eta isunen aurkako helegitea jarri zuten. Atzo ezagutarazi zuten epaia. Espetxe martxarengatik zigortutako lagunen helegiteak aintzat hartu dituzte Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1. eta 3. epaitegiek, haiei jarritako isunak "konstituzioaren aurkakoak" direlakoan. Bestelako bidea hartu dute, baina, 2. eta 4. epaitegiek: haiek atzera bota dituzte helegiteak, "poliziaren egiazkotasun printzipioan" oinarrituta. Hori dela-eta, 96.480 euro ordaindu beharko dituzte, errekurtsoa jartzeak eragindako errekarguak eta gastu judizialak kontuan hartuta.

ASKE antolakundeak salatu duenez, isun honen aplikazioa Mozal Legeak poliziari ematen dion "inpunitate eta arbitrariotasunaren" eskutik gauzatu da. Honen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak pertsona bakoitza diru kantitate "onartezina" ordaintzera kondenatu du, "amnistia aldarrikatzeagatik eta Euskal Preso Politikoekiko elkartasuna defendatzeagatik". Antolakunde antirrepresiboaren ustez, Mozal Legeak pertsonak desmobilizatzea du helburu: "Norbanakoak asumitu ezin duen isun baten inposaketaren bitartez, protesta politikoa egiteari utzi eta otzanak bilakatzea bilatzen du".

Zigorrei aurre egitea erabaki zuen ASKE antolakundeak. Bide horretan, protesta soziala eta elkartasuna "debekatu" nahi dituzten "neurri politikoen aurkako kanpaina" jarri zuten martxan. "Ez geunden prest Eusko Jaurlaritzak jarritako isunak hala nola ordaintzeko. Izan ere, isun honek eskubide zibil eta politikoak auzitan jartzen zituen momentutik, guregatik baino egoera berdinean egoteko arriskuan aurkitzen diren guztiengatik borrokatu beharra genuen. Hau da, Euskal Herri Langilearen protesta politikorako eskubidea defendatzeko isun horiek borrokatu beharra genituen", azaldu dute.

Prozesuak aurrea egin du, eta berriki iritsi zaie Kontentzioso Administratiboan jarritako helegiteen emaitzak. Dena den, argi utzi dute ez dutela epai baten oniritzirik behar haien aldarrikapen politikoak gauzatzea "zilegi" dela aldarrikatzeko, eta epai batek kontrakoa sententziatzeak ez diola inoiz haien aldarrikapen politikoei zilegitasunik kenduko ohartarazi dute. Gaitzetsi dutenez, sententzia horien bitartez, "agerian geratu dira justiziaren desoreka eta epaileen subjektibotasuna". "Izan ere, bi epailek isunaren aplikazioa konstituzioaren aurkakotzat hartu dute, eta beste biek, aldiz, ontzat jo dute, poliziaren egiazkotasun printzipioa oinarri hartuta".

Zigorrei modu kolektiboan aurre egiteko erabakia berretsi du ASKE-k. Beraz, dei egin dute martxan jarriko diren dinamika ekonomikoetan lagundu eta aurrera eramango den kanpaina politikoan parte hartzera. Eta ildo beretik, "debeku bilakatu nahi duten elkartasunaren aurrean", Euskal Preso Politikoen zein amnistiaren aldeko borrokan murgiltzeko deia luzatu diote Euskal Herri Langileari.

Indar errepresiboen jazarpena prentsaurrekoaren ondoren

ASKE antolakundeak salatu duenez, atzo egindako prentsaurrekoaren ostean, hiru pertsona identifikatu zituzten "kalez jantzitako zipaioek", Urriaren 12-ko gertakarien aitzakiapean.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal