Uztailaren 14an manifestazioa eginen dute Ezpeletan, asimilazioaren aurka

Frantziako nazioaren besta eguna da uztailaren 14a, eta U14 kolektiboak egun hori hautatu du protesta egiteko, Ezpeletan (Lapurdi). “Asimilazioa borrokatu” lelopean eginen dute manifestazioa, eta arratsaldeko 19:00etan abiatuko da kolektiboak deitutako martxa, herriko merkatu estalitik. Mobilizazioan parte hartzera deitzeko helburuarekin, ekintza bat gauzatu zuten pasa den astean: “France” jartzen zuen seinale handi bat eraitsi zuten.
Uztailak 14 kolektiboa 2020an sortu zen, urte hartako frantziar nazioaren bestan, Ipar Euskal Herrian, mobilizaziorik izan ez zela ikusirik. Hutsune hori bete asmoz mobilizatu ziren hainbat gazte, eta 2021ean lehen aldiz manifestatu ondotik, aurtengoa laugarren aldia izanen da. Hala, asimilazioaren kontzeptua ardatz gisa kokatu dute orduz geroztik antolaturiko hitzorduetan. Hain zuzen ere, “asimilazioaz ohartu, kontutan hartu, antolatu eta erresistentziara pasatzea” dute xede.
Azken urteetan hainbat kasu errepresibo jasan dituzte. Frantziako Jendarmeriak lau gazte atxilotu zituzten urtarrilean Larresoron eta Hendaian (Lapurdi) egin zituen bi operaziotan. U14 kolektiboko kideak dira laurak, eta, iazko uztailaren 14an Ezpeletan egin zuten mobilizazioarekin lotuta atxilotu zituzten. Ez zen lehen aldia Frantziako Estatuak U14 kolektiboaren aurka egiten zuena. Lehenago ere hainbat kide atxilotu dituzte. 2023an Donibane Lohizunen egin zuten manifestazioaren ondotik, prefetak kolektiboaren aurka egitera deitu zuen Baionako prokuradorea, eta 2024ko martxoan sei kide atxilotu zituzten. Urrian epaitu zituzten, eta gibelapenezko kartzela zigorra eman.







