lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 22/12/2025

Zaballako espetxera martxa egingo dute larunbatean

La Haine - Euskal Herria
ASKE antolakundeak argi utzi du ez duela etsiko bere borrokan eta 153.600 euroren nahiz jartzen dioten oztopoen gainetik igaroko dela, bere helburu den amnistia osoa erdietsi arte.

Euskal preso politikoei elkartasun eta babes osoa adierazteko eta, halaber, beraien askatasuna zein amnistia aldarrikatzeko espetxera martxa antolatu du ASKE antolakundeak. Zaballako espetxera egingo duten martxa larunbatean izango da, abenduaren 27an. 12:00etan jarri dute hitzordua, Subillanako San Esteban elizan.

Joan den abenduaren 8an egindako prentsaurreko batean, ASKE antolakundeak salatu zuen Euskal Herri Langilearen kontrako jazarpena “indartzen” ari dela bai espainiar, bai frantziar estatua. Antolakunde antirrepresiboaren iritziz, krisi kapitalistaren ondorioz ematen ari den “etxebizitzaren garestitzearen, soldata errealaren jaitsieraren eta oinarrizko baliabideen pribatizazioaren aurrean”, Euskal Herri Langilearen borrokaren zein militantzia politikoaren aurkako errepresioa handitzearekin erantzuten dabiltza estatu hauek. Marko horren baitan kokatu zuten, hain zuzen ere, euskal preso politikoen aldeko elkartasuna “gero eta jazarriagoa izatea”.

Jazarpen horren adibide gisa, estatu zapaltzaileek “Ongi Etorriak” kriminalizatu nahi dituztela esan zuten, “hauek eremu pribatura kondenatuz”. Bestetik, antolakundeak salatu zuenez, euskal preso politikoen aldeko aldarriak zein elkartasuna desagerrarazi nahi dituzte, “horiek debekatuz eta zigortuz”. Antolakundearentzat, gertaera horiek helburu argia dute: “Euskal Presoak isolatu nahi dituzte, Euskal Herri Langilearen partetik inolako babesik jaso ez edota hartu-emanik izan ez dezaten. Azken finean, Euskal Preso Politikoen existentzia eta amnistiaren aldarrikapena ukatu nahi dituzte. Izan ere, hitz egin eta ikusten ez den hori ez da existitzen”.

Ondoren, antolakunde antirrepresiboak salatu zuen Euskal Herri Langileak bere askatasunaren bidean eta bere eskubideen defentsan burutzen duen borrokak gero eta kolpe errepresibo “handiagoak” jasaten dituela, izan etxebizitzaren defentsan, borroka antifaxistan, lurraren defentsan edo Euskal Herriko nazio zapalkuntzaren kontrako borrokan. Segidan, borroka hauen kontrako errepresioa espainiar zein frantziar estatuek Euskal Herri Langilearen aurka aurrera daramaten zapalkuntzaren baitan kokatu zuen.

Horren aurrean, eta, “debeku eta zigor guztien gainetik”, amnistiaren aldarria Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzera eta Euskal Herri Langilearen agenda politikoaren erdigunean jartzera deitu zuen. Bide horretan, dei egin diote Euskal Herriko langileriari Subillanako San Esteban elizatik aterako den espetxe martxan parte hartzera.

Espetxe-martxaren aurkako errepresioa

2023ko abenduaren 30ean Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazi eta amnistia osoa aldarrikatzeko hainbat pertsonak Zaballako espetxera martxa egin zuten, ASKE antolakundeak deituta. Egun horretan, mobilizatu ziren pertsonek jazarpena jasan zuten ertzaintzaren aldetik. Lehenengo, martxa geldiarazten saiatu ziren, eta, ondoren, kontrol bat ezarri zuten irteeran, ehun pertsona baino gehiago identifikatuz. Kontrol horretan, indar errepresiboek nahiko modu bortitzean jardun zuten; manifestari batzuk heriotzez mehatxatuz eta beste batzuk jipoituz. Sei hilabete beranduago, Eusko Jaurlaritzak 128 pertsonei 1.200 euroko isun bana ezarri zien mozal legea aplikatuz, osotara 153.600€-ko zigor ekonomikoa eskatuz.

Aurten, duela bi urte egin bezala, espetxe martxa burutuko dute Zaballara, euskal presoei gure elkartasun, berotasun eta indar guztia emateko eta, halaber, beraien askatasuna zein amnistia aldarrikatzeko. ASKE antolakundeak argi utzi du ez duela etsiko bere borrokan eta 153.600 euroren nahiz jartzen dizkioten oztopo guztien gainetik igaroko dela, bere helburu den amnistia osoa erdietsi arte.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal