lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 16/06/2024

ASKE antolakundeak Amnistia Eguna burutu du Gasteizen

La Haine - Euskal Herria
Egunean zehar errepresioari buruz hausnartu, poliziaren funtzioa aztertu eta amnistiaren aldeko mobilizazioa burutu zuten.

Larunbatean 2024ko Amnistia Eguna antolatu zuen ASKE antolakunde antirrepresiboak Gasteizen. Eguna “Militantzia politikoaren aurkako oldarraldi juridikoa” hitzaldiarekin hasi zen, AKAB kolektiboko Aratz Estonba abokatua, Jardun Koordinadorako kidea den Julen Balda eta Uztailak 14ko kidea den Garazi Adurizen eskutik. Hitzaldi honetan errepresioaren inguruan hausnartu eta eztabidatu zuten, azkenaldian gertatu diren kasu errepresiboak aztertuz, besteen artean, Baionan egin zen U14ko kolektiboaren kontrako epaiketa, Meatzaldean eta Iturmendin izan diren adierazpen askatasunaren kontrako erasoak edo Zaballako espetxe-martxaren harira heldu diren isunen kasua. Hitzaldia bukatu ostean bazkari herrikoi bat egon zen Etxanobe lorategian.


Arratsaldeak “Poliziaren funtzioa gizarte kapitalistan” hitzaldiarekin jarraitu zuen. Hitzaldi honetan poliziaren jatorria, bilakaera eta gaur-gaurkoz betetzen duen funtzioa aztertu zuen poliziaren inguruan aditua den Paul Rocher ikertzaileak. Ondoren Gasteizko erdialdetik mobilizatu ziren “Errepresioaren aurrean, Amnistia Osoa” lemapean. Mobilizazioa bukatzean errepresioak ez duela etenik salatu zuten, izan ere, “hamaika dira egunero estatu zapaltzaileen partetik iristen zaizkigun eta sufritzen ditugun jazarpen kasuak” azaldu zuten. Horren adibide da 5 gazte lapurtarren aurkako epaiketa, Meatzaldeako gazte baten atxiloketa eta 128 pertsonari 1.200 euroko isuna jarri dietela, Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazteagatik. Antolakundearen iritziz ”honek agerian uzten du frantziar zein espainiar estatuek errepresioa besterik ez dutela aplikatukodisidentzia politiko ororen kontra”. Horren guztiaren aurrean,” ezin dugu beste alde batera begiratu. Ezin dugu inposatzen diguten marko legalaren baitakoak eta soilik beraientzat onargarriak izan daitezkeen borrokak burutu. Etengabeko esplotazioaren, errepresioaren eta zapalkuntzaren aurrean ezin dugu beste masaila jarri, eta ez gaude jartzeko prest ere” adierazi zuten. Bukatzeko antolatzeko deia egin zuten, “Euskal Herri Langilearen antolakuntzaz soilik egin ahalko diogulako aurre Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza nazional zein sozialari. Eta, bide horretan, askatasuna ekarriko duen kontraboterea eraikitzea dagokigu, hori lortzeko ezinbestekoa dugularik amnistia. Izan ere, helburu honek, Euskal Preso Politiko eta deportatuen askatasunaz gain, Euskal Herri Langileak bere askatasunaren bidean aurrera daraman borrokaren zilegitasuna suposatzen du, baita etorkizunean amnistia gehiago ez aldarrikatu behar izatea ere”.

Sei Euskal Preso Politikoek bidalitako gutuna

Ondoren, Fernando Garcia Jodra, Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea, Garikoitz Etxeberria Goikoetxea, Mikel San Sebastian Gaztelumendi, Oskar Barreras Diaz eta Andoni Goikoetxea Gabirondo Euskal Preso Politikoek bidalitako gutuna irakurri zuten. Honetan Amnistia Eguna bezalako ekitaldiak “beharrezkotzat jo zituzten” eta haien “babesa nahiz esker ona” helarazi zieten. Era berean, pairatu duten azken eskubide urraketa salatu zuten, izan ere, “ASKE-k Zaballako espetxera egindako martxaz geroztik hainbat laguni gugana bisitan etortzeko eskubidea ukatu diete. Denak argudio berarekin: "Euskal Preso Politikoa nahiz laguna haustura politikoan daude kokatuta”. Segidan argudio guztiz ideologikoa dela eta azkenaldiko oldarraldi errepresiboan kokatu behar dela gehitu zuten. Hau eta gero, “isilik eta otzan nahi gaituztela” ziurtatu zuten baina hortik “galbidera goazela eta ez gaituztela hor kateatuko” argi utzi zuten. Bukatzeko borroka iraultzailean sakontzeko deia egin zuten, "gu guztion esku baitago Euskal Herrian independentzia eta sozialismoa eraikitzea”.

Eguna ixteko Buruarin, Zarata Selektion eta Zuretzako Mezuak taldeen kontzertuak egon ziren Gasteizko gaztetxean. Esan beharra dago udaltzaigoak Gasteizko gaztetxean agertu zela amnistiaren aldeko pankarta bat kentzeko eta kide batek aurre egitean identifikatua izan zen.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal