U14ko militante bati lan debedeku bat notifikatua izan zaio, poliziek enplegatzailea deitu ostean
Kolektiboak salatu duenez, eraso pertsonal honek “militanteak ekonomikoki zein sozialki isolatzeko” helburua du.
Azken urteetan U14 kolektiboaren aurkako errepresioak ez du etenik izan. Izan ere, 5 urte beteko dituen kolektiboko militanteek hirugarren aldiz atxiloketak jasan behar izan dituzte, baita horrekin heldu diren auziak, milaka euroko isunak eta lan bortxatuak. Urtarrilean, U14 kolektiboko lau kide atxilotu zituen jendarmeria frantsesak, mugimendu horrek Ezpeletan egin zuen manfestazioan parte hartzeagatik. Ez da lehen aldia Frantziako Estatuak U14 kolektiboaren aurka egiten duena. Lehenago ere hainbat kide atxilotu dituzte. 2023an Donibane Lohizunen egin zuten manifestazioaren ondotik, prefetak kolektiboaren aurka egitera deitu zuen Baionako prokuradorea, eta 2024ko martxoan sei kide atxilotu zituzten. Urrian epaitu zituzten, eta gibelapenezko kartzela zigorra eman.
U14 kolektiboak salatu du auzietako zigorretaz gain, eguneroko errepresioak ere segitzen duela: “etxeetaraino edota karriketan segipenak, telefono deiak, komisaldegietara deklarazioak, etab”. Hala ere, 2025eko urte bukaeran, Frantses estatuak pausu berri bat gainditu zuen jazarpen pertsonalaren bidean. Lehen aldiz U14ko militante bati lan debedeku bat notifikatua izan zitzaion, komisaldegiak enplegatzailea zuzenki deitu ostean. Kolektiboak ohartarazi duenez, eraso pertsonal honek “militanteak ekonomikoki zein sozialki isolatzeko” helburua du.
“Estatu zapaltzaileen praktika ustelen salatzeak, indar errepresiboen aurka altxatzeak, nazio aske baten aldarrikatzeak edota krisian den sistema kapitalista honi beste alternatiba batzuen proposatzeak, gaur egun jasandako errepresioa ekartzen badu, argi da pundu sentsible bat hunkitzen dela”, adierazi dute.
Hala ere, azpimarratu nahi izan dute azken gertakari horien parean agertu den mobilizazio eta elkartasuna: “Izan komisaldegi aitzinetan, auzitegietan, sareetan edota elgarretaratzeetan, keinu guzti horiek dute mugimenduari indarra ekartzen eta borrokarako sua elikatzen”. Era berean, esan dute guzti hau ez dela kasu isolatu bat, eta elkartasun osoa adierazi diote “sistema honen kontra altxatzen edota alternatibak proposatuz” jazartuak izan diren ahotsei.
Segidan, argi utzi dute 2026 urtea ez dela salbuespena izango, mobilizazioek segituko baidute, “faxismoaren errotzeari parez erantzuteko” eta “asimilazioaren kontrako borroka ukanez ipar-orratz”. Azkenik, kolektiboko bi militanteren aurka heldu den auziaren deia salatu eta borrokarako deia egin dute: “Intimidazio saiakerek ez gaituzte geldituko. Borrokatzen segituko dugu zapalkuntzek martxan segitzen duteno. Altxa gaitezen dena baitugu irabazteko!”.







